XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HINKI-HANKA (1978)

Poesi bilduma hau, Manex Erdozaintzi-Etxartek 1978an kaleratu zuen Elkar etxean.

1958 eta 1976 urteen bitartean sortu olerkiak dabiltza Hinki-Hanka mardul horretan, Ramuntxo Partarrieu artistak marraztu azalaren gerizan.

Hogeita hamahiru poema, Manexen bizitza harri xuriz seinalatzen dutenak, Donapaleun, Domintxanen, Tolosan, Parisen edo Bretainian burutuak.

Hinki-Hanka-ko olerki parrasta bat dagoeneko argitaratua izan da han-hemenka.

Olerkien mami eta hizkuntza hunkigarriaz aparte, Hinki-Hanka hasten duen Manex Erdozaintzi-Etxartek berak egin aintzin-solasa da harrigarri, zinezko fedezko akta poetikoa baita.

Poetaren hitzek nahi dute egoera poetiko berri baten oinarria Iparraldean segurtatu, poesia sozial hutsaren eta kutsu erlijiosoko olerki ohituraren artean landu lirikotasun samurraren ildoa irekiz.

Hain zuzen ere, Manexen aintzinsolasak, irakurlea atseginaren bide ezezagunetik abiatzera eztiki gomitatzen du:


Arren, poesia ez da zu eta ni
bezalakoetarik kanpo gertatzen.
Gurekin sortzen da. Gugan bizi
da. Bulta hontan ohartua naiz
laborariak, langileak, ofizialeak
beren eskuez materia hunkitzen,
erabiltzen eta moldatzen dutenak,
poetak direla.

Manex ERDOZAINZI-ETXART

HINKI-HANKA

poemak

Zoaz, goazen ostatuetara, merkatuetara, lantokietara, uzinetara, baserrietara, itsasoetara bortuetara, errautsak karrika eta bideetan zikintzen duen jende ostearen ondotik, lurrak, ikatzak, burdinak, zurak, tinduak, keak... itxuraldatzen duen jende ostearen urratsean..., hor gaindi dabila poesia edo hor gaindiko tirabiran mintzo da poesia. Poesia drama bat da eta giza errealitateaz beti mintzo da". (Hinki-Hanka, Sarrera Gisa 14-15 orr.)